ArtamugarriaK Nafarroa 1. agiria | Zer da Artamugarri bat? | koordinaketa eranskina | Textuak PDFn



ArtamugarriaK Agiria


Bake Prozesua eta partaidetza-demokrazia sustatzeko ekimen artistikoa


ArtamugarriaK euskal gatazkari irtenbidea emateko zenbait artista eta hiritarrok hartzen dugun Bake Prozesuaren aldeko ekimen aktibista da.
ArtamugarriaK ez da talde ideologiko bat, aldi baterako antolatutako jende-mordoxka anitz batek osatzen dugun nodoen sare independentea baizik.
ArtamugarriaK-ek edozein indarkeria-mota arbuiatzen du eta behin betiko normalizazio politikoaren aldeko apustu irmoa dagi.
ArtamugarriaK-ek indarkeriaren dinamika zein eskubide politikoen murrizketa eten nahi dituen bezain, bizitza demokratikoa bere aniztasun eta ahalmen osotik suspertu nahi du.
ArtamugarriaK-ek berez ez du batere helburu politiko zehatzik xerkatzen, eta ez dio ere inplikaturiko ezein alderdiri laguntzen.
Gatazka behin betikoz ebatzi arte Bake Prozesu atzeraezinaren eta partaidetza-demokraziaren aldeko apustua da ArtamugarriaK osatzen dugun artiston eta hiritarron arteko lotura bakarra.
Hartara, Bake Prozesuari artearen askatasun eta kritikotasunetik heldu nahi diogu.
ArtamugarriaK-en asmoa artamugarri berriak sortzea da:
Indarkeriarik ezerako, elkarrizketarako, sormenerako eta gizarte osoaren partehartzerako guneak, zeinetatik Bake Prozesua eta jokaleku demokratiko berria proposamen artistikoen bitartez bultza ditzagun.
Antzineko artamugarriek bere inguruan elkarbizitza eta auzolanerako saroiak edo gune biribilak irradiatzen zituzten bezalaxe, gure artamugarriek sinboloak, objektuak, lekuak, gertakizunak edo deialdi artistikoak irradiatzen dituzte, plazan zein sarean; indarkeriarik gabeko inguruneak, zeinetan nahi duenak, kanpoko eskua sartze nola baitako beldur eta aurreiritzi gaberik adierazi ahal izateaz gain, esperientziak trukatu, bakezko elkarbizitzarako ereduak aztertu eta azkenik, partaidetza-demokraziaren gaineko proposamen kolektiboak sortu ere eginen dituen.
ArtamugarriaK-ek ez du bere kabuz ezer konpondu nahi; bakean bizi gaitezen une-gune hurbila irudikatzeko sorkuntza garaikidearen metodo berriek duten ahalmena ekartzearekin aski du agian.
ArtamugarriaK-ek, Blas de Otero olerkari zenak bezala, “Bakea eta Hitza” soilik eskatzen ditu, Arteen eta Letren Errepublikatik partaidetza-demokrazia ehuntzeko asmotan.
ArtamugarriaK-ek artistak, era guztietako sortzaileak eta herri-hiritarrak oro har gonbidatzen ditu, Bake Prozesuari ez ezik, artamugarriak sortzeari ere ekin diezaioten, Nafarroan bertan nahiz edozein tokitan, erreal edo alegiazkotan, baita geure lurraldetik urrun bada ere.
Guztion artean gizarte- eta kultura-nodoen sarea bilba dezakegu; gero eta elkargune eta partaidetza-gune handiagoak sortu ahala, behin betiko Bakearen ernamuin diren nodoen edo pertsona eragile-multzoen sarea hain justu.
Gure eginkizuna, gatazka ebatzi artean, ArtamugarriaK sortzea da.
ArtamugarriaK direla medio geure “bakezko une-gunea edo aldi-aldea” (Oteitza/ Txillida), hots, erreala bezain alegiazkoa den eta den-dena ahalbidetu eta ingurubiratzen duen Bakesfera sortzeari lagun diezaiokegu.
ArtamugarriaK-ek, harrizko biribil baten barruko izar kardinala izateaz haraindi, multzo, laborategi, anezka (bilbea daraman eta zeharkarazten duen tresna), Troiatar zaldia, arte-prozesua, auzo eta autzen batzarra, elkarlanerako ingurunea, inoren eta guztion lurra eta bakezko haize-arrosa izateko asmoa du.
Ez diok/n Agiri honi atxiki beharrik, bertzerik gabe, ekiok/n!
Sor ezak/n Artamugarri bat, igorri ezak/n, bilaka hadi Artamugarri!

AMK/Iruñea/06.6.1
ArtamugarriaK Nafarroa 1. Agiria

Pax avant! Aurrera bakearen prozesua!

Nafarroan, aspaldi luze batetik itxaro eta desio izan dugun Bake Prozesu honek, Bakeak berak alegia, bulka berezia behar du.
Erneguan murgildurik gaudela, Nafar eragile politikoek bere posizioak finkatzen dituzte; baina hiritarrok ere Bakearen aldeko gure ahotsa eta Bake Prozesuari ekiteko dugun asmoa ozenki entzunarazi behar ditugu.

Arte eta kulturaren nafar eragileok gizartearen gehiengoak Bake Prozesuari azaltzen dion aldekotasuna bistaratzen lagun dezakegu, bide batez normalizazio kulturalari ere lagunduko diogula, nafar gizartean sentikortasun berria bizkortzen dugun eta Bake Prozesuaren aldeko ekimen demokratiko guztiekin batzen garen heinean.
Nafar gizartearen arlo guztien partehartze aktiborik gabe, prozesuari buruzko erabaki politikoek batere zentzurik ez luketelakoan baikaude.
Bake Prozesuak, benetan abia dadin, zauriak osatzen dituen eta adiskidetzerik ezean, gutxienez elkarbizitza ahalbidetzen duen aldibereko gizarte-prozesu sortzailea behar duela uste baitugu.
ArtamugarriaK nafar nodoaren proposamen artistikoek kulturaren talaiatik Bake Prozesu honi azaltzen zaion aldekotasun kritiko eta plurala bistaratu nahi dute. Horretarako, partaidetza-demokraziaren kimu diren, indarkeria deuseztatzen duten eta gure lurrean bertan jokaleku berria imajinarazi diguten askatasunezko elkarguneak sortzen ditu, oraindik iragankorrak badira ere.
Nafarroa Artamugarriez josi behar dugu, Erronkaribarreko burua den Belaguako San Martin bezalako munarriez, non urtero, uztailaren 13an, multzo batek Hiru Behien Zerga ospatzen baitu, hau da, (Erronkari eta Biarnoko Baretous haranen arteko) bake-negoziazio baten ebazpen arrakastatsua, elkarbizitzaren ikurra zaiguna: ¡Pax avant, pax avant, pax avant!
Oraingoan eredu honek Bake Prozesuak, Bakeak berak aurrera segi dezala erran nahi digu, bere zailtasun osoarekin, bere kontraesan guztiekin. Aurrera segi dezala alderdien arteko negoziazio-prozesuak, baina aurrera dadila halaber azpikoz gorako prozesu soziala, proposamen artistikoen bitartez aurreratu ere, elkarrizketa eta irudimen-guneak askatzeko gai diren arte-ekintzen bitartez hain zuzen, zeinetan herra, gorrotoa, intolerantzia eta geldikeria gainditzen ikasi eta irrikatzen dugun Bakea zehaztu eta hedatuko dugun.
Nafarroak prozesu hauxe are gehiago behar du, inolako indarkeriarik gabeko gizarte-ingurunetzat eta elkarte politiko berritzat birsor dadin eta, dagokion aniztasun politikoa berreskuraturik, berezko bidea hauta dezan.
Nafarroa, bere birsortze kultural eta politikoa lekarkeen Bake Prozesuari ekingo diogun heinean, Artamugarri bilaka genezake, Bake Prozesuaren abiapuntu kritiko eta sortzaile bilakatu ere.
Bakeari esker bertze Nafarroa posiblea dela sinesten duzuen artista eta herri-hiritar guztioi ArtamugarriaK deritzen arte-ekintza eta deialdietarako gonbita helarazten dizuegu, Bake Prozesuari egindako oztopoak sala ditzagun, partaidetza komunalaren bitartez nafar gizarte berria asma dezagun, edo irudimen matxinatuari ere bide eman diezaiogun.

ArtamugarriaK Nafar Nodoa/Iruñea/06.6.1
Zer ote da Artamugarri bat?

Euskal eta europar herri-kulturan, larre edo egurtegiak saroi edo ingurune komunaletan antolatu ohi ziren.
Saroiak –sarobeak, kortak, cayolar edo barrendegiak–, oro har, gune biribilak ziren, zilindrikoa ohi zen haustarri (errauts edota autzen harri) edo erdiko harri baten inguruan zehaztuak. Harri haren goialdean zortzi besotako izarra edo ikoroski gehi gurutzea zizelatzen ziren. Beso bakoitzak inguruko mugarrien kokapena seinalatzen zuen eta, osotara, mugarriek oktogono bat eratzen zuten, saroiaren ertz biribilari erreferentzi zitzaiona. Saroietako erdiko harria izendatzeko "artamugarria" hitza aukeratu dugu, garatu nahi dugun estetika-, espazio- eta aktibismo-ereduari, hots, hutsaren euskal eskulturari, egokitzen baitzaio. Izan ere, eskulturgintza honen ordezkari ziren Oteitzak eta Txillidak “Bakerako aldi-aldea edo une-gunea” aldarrikatu zuten; L(a)urretik (b)ortz, edo are gehiago, (z)ortzira, lur lau kardinaletik ortziaren gangara, harrespil edo artearen bakezko saroitik Bakesfera fisiko eta birtualera, Bakezko esfera globalera.

Antzineko dokumentuen arabera, artamugarri hauen kokapena batik bat lursailen mugak zehazteko garrantzitsua zen eta Urumeako Mendi frankoetako “errepubliken” arteko liskarrak ebazteko “argi, gida eta gobernu” iritzi zitzaien. (Luix Mari Zaldua Etxabe-ren liburua kontsultatu –Saroeak Urnietan/Seles en Urnieta/Stone Octagons in Urnieta. Kulturnieta S.A., Urnieta (1996)–, eta Roslyn Frank-en ingelesezko gainerako lanak kontsultatu).

Lehengo sasoi honetan politikariek negoziazio-mahaiez mintzo zaizkigu, baina aldi berean, elkarbizitza- eta bake-baldintzak sortzeko, gizarteak are sakonago lan egin behar du. Elkarrekiko begirune eta uste ona sustatzen dituen gizarte-plataformak, edo bestela erranik, bakezko ingurune edo saroiak asmatu behar ditugu, zeinetan hiritarrek iritzi guztiak beldurrik gabe adieraz ditzaten eta gatazkari jite onez heltzeko eredu konstruktiboak gara daitezen. Alex Carrascosa-k dioenez, desarme- eta Bake-prozesuetan aurrez aurre dirauten bi arerioen arteko no man’s land edo inoren lurra guztion lur bilakatu behar dugu. Horretarako ezin egokiagoa da artamugarrien sorkuntza, bakezko inguruneak hedatzen dituzten erreferentziazko puntuak, Bakea –San Martin harrian bezala– eztabaidagai izan dadila, “Pax avant” aldarripean.

Artamugarria delako sinboloa ez dagokigu nafar edo euskaldunoi bakarrik, mundu osoari baizik. Izar eta biribilean oinarritzen denez zerizan oneko beste askoren antza du: gurpil budista, gurutze tenplarioa, ikurrin biribila edo Nafarroako armarria. Ikur xumea da, dinamiko eta integratzailea, negoziaziorako eta auzolanerako plazak sortzeaz gain, haize-arrosa bezalaxe orientatua dagoena, ziur aski, arkeoastronomiaren beste historiaurreko konfigurazioekin lotuta dagoelako (euskal eta europar harrespil eta iruinarriak, Hiru Behien Zergaren gertaleku den Larrako San Martin harria, Ipar Amerikako indioen harrizko biribilak, etab.) Bakuna bezain unibertsala denez edonork edozein tokitan graba edo margo dezake; nolanahi ere, Artea+Bakea dinamika aktiba dezakeen lekuaren ikono bilakatzen ahal da. Copyleft gisako ikurtzat ere.


ArtamugarriaK. Koordinaketa-eranskina

1. ArtamugarriaK ez da talde egonkor bat, zenbait artista eta hiritarrok osatzen ditugun unean uneko eta tokian tokiko nodo saretuak baizik.

2. ArtamugarriaK ez dago erregistraturik eta ez dauka kiderik ere, soilik nodo edota ekintza bakoitzari dagozkion partehartzaileak.

3. ArtamugarriaK-en parte hartzen dugunon lotura bakarra, adiskidetasunezko edo sarearen bitartezko harremanaz gain, Bake Prozesuaren eta Partaidetza-Demokraziaren aldeko Agiriari egiten diogun atxikimendu librea da.

4. Edozein pertsona-multzok osa lezake ArtamugarriaK deritzon nodo bat eta Artamugarriak izena (edo AMK siglak) erabili ere ArtamugarriaK-en Agiriarekin bat badator.

5. ArtamugarriaK-i datxekion nodo bakoitzak bere ekintzen ardura zuzena hartzen du.

6. ArtamugarriaK-en izen propioak, parte hartzen duten kolektiboen izenak, heteronimoak, goitizen pertsonalak zein taldekoak edo ArtamugarriaK-i datxekion nodo bakoitzarena erabil daitezke.

7. ArtamugarriaK-eko nodo bakoitza, Agiriarekin bat etorriz gero, nahi adinako ekintza burutzeko librea da.

8. ArtamugarriaK-en erabakiak ekintza bakoitzeko partaideak guztiz bat datozela hartzen dira.

9. ArtamugarriaK-en ez da kargurik, arlo eta ekintza bakoitzeko koordinatzaileak baizik.

10. Tokian tokiko koordinatzaileak ArtamugarriaK-eko gainerako partaide eta nodoei haien ekintzen berri jakinarazten saiatuko dira.

AmK