|
|
BATZART!-en aktibisten gutun irekia Euskadi Ta AskatasunariEz dugu armarik, zurezko aulkiak soil-soilik. BATZART! bake prozesuaren eta Euskal Herriarentzako etorkizun demokratikoaren
alde apustu egin zuten zenbait kolektiboren ekimena da, elkarrizketaren
eta proposamen sortzaileen bitartez eta armez baliatzeari uko eginez. Oraindik abangoardia ba al zarete? Guk armarik gabeko atzeguardia jendetsua osatzen dugu eta hain gerra luze batez, hainbat biktimez eta are bortxakeria eta oinaze gehiago ugaltzeko baino balio izan ez duten hainbeste bortxakeriaz eta oinazeaz etsi-etsirik eta akituta gaude, zuetako asko bezalaxe ziur aski. Baina beste ezer baino lehen, gatazkaren alde guztien ezgaitasunaz eta borondate faltaz asper eginda gaude, baita, jakina, zuen jarrera aldaezinaz ere. Hutsala da estatuek amore ez egitearren kexatzea: arerioak, halaxe badira, dagokiena baino ez baitute beteko. 40 urte ostean aintzat har ezazue borroka armatuaren baliogabetasuna, besterik ez. Pentsa itzazue, XXI. mendean barna, indarkeriarik gabeko beste bitartekorik, desobedientzia zibila kasu (18/98 auzia indarrean egonik ere eta horrexegatik agian), mundu ezberdin baten alde alegiazko sareetan edo elkarganaturik ari garen andanak, edozein inposatzeri buru egiten diogularik. Egin dezagun autokritika –geuk barne, bake prozesuaren aldeko inozook apika– hantustean erortzerik eta oker berberetan lorrintzerik nahi ez badugu behintzat. Alderdiei, negoziatzaileei, estatuei zenbait gauza esan diezazkiekegu –oso kritika eta gaitzespen latzak– baina zuokin, Euskadi ta Askatasuna, luze da eztabaidatzeko duguna. Euskal Herriaren biziraupena haren herritarron bizitzari eta askatasunari loturik doa: haiek gabe ezin baita Euskal Herririk. Herritik sortutako taldea zarete, ezer gehiagorik, geu bezalaxe, geure ehun herrikoi eta aktibista joriko beste hainbesteren berdin; zuek, ordea, armatuta zaudete eta armek zeuen burua berresteko aukera ematen dizuete, indar hutsez. Baina borroka armatuan 40 urtetan jardun izanak, baita alde guztietako oinaze eta porrota frogatuak ere, ez dizuete ezein pribilegiorik edo bermerik ematen. Euskal Herria –bere osotasunean– edozein garaietako gerrilla, alderdi edo kolektibo baino zaharrago eta jakitunagoa baita. Herria gara, euskal herria, zuok bezala, ezker abertzalea gara eta ez gara ezker abertzalea, bozkatu dugu edo ezin izan dugu edo ez dugu nahi izan, hala ere, bagara. Eta demokrazia partehartzaileari ekiten diogu, hauteskundeen aurretik eta askoz haratago; hauteskundeak, iruzurrez edo iruzur barik, ez baitira oraindik benetako demokrazia. Jatorrizko demokrazia partaidetzan baitatza, hiritarron kontzientzia politikoan, ez alderdikoian, eta elkarrizketari eusten baitio: oinarritiko elkarrizketa, elkarren arteko hizketa biribila, gatazka bide guztiz politikoetatik eraldatzen duena, batere indarkeriarik gabe; dena delako elkarrizketa, uneorokoa, ezin agortuzkoa. Horregatik, gure kolektiboekin eta beste kidekoekin, alderdi eta sindikatuekin
eta batez ere, herriarekin batera, berdinen batzarra eta biribil irekia
den BatzArtean partehartzera gonbidatu nahi zaituztegu, borondate
onez eta asmo konstruktiboz, presarik gabe. Su-etenaren hausturak eragin
duen egoera berriaz eta ezinbesteko bake prozesua berrasteko proposamenez
hitz egin dezagun. Zuen jarrera –askorentzako ulertezina eta denontzako
etsigarria– adieraz diezaguzuen; herritarrokin zuen argudioak bana
ditzazuen eta, batik bat, herriari entzun diezaiozuen eta herriak bere
ahotsa itzul diezazuen. Hauxe baita, geure iritziz, funtsezko arazoa: ea nola eman dakiokeen
hasiera bake prozesuari herriarekin batera, nolatan litekeen erakundeetara
iritsi aurretik herritarrongandik iragaiten den prozesu partehartzailea.
Prozesu hau gerta dadin, haatik, airea edo ura behar ditugun legez, indarkeriarik
gabeko jokalekua alde guztiek ezar eta errespeta dezatela behar dugu,
kalean ere, denon eskutik, hiritarrok gure artean askatasun osoz hitz
egin ahal eta gure ahotsa helaraz dezagun. Euskadi ta Askatasuna, geure ametsak Euskal Herria eta askatasuna ere badira, baina guk ez dugu armarik, herriaren ondoan eskaintzen dizuegun zurezko aulki bat besterik ez. Balizko BatzArt edo asanblada irekian ekarpenik egin nahi duten kolektibo eta pertsona ororen eskura helbide hau jartzen dugu Iñaki Arzoz, Alex Carrascosa, Joseba Ossa, Mireia Uranga, Xabier Vazquez Eizmendi eta Jabier Villarreal BATZART! Ekimeneko taldeetako kideok sinatuta. |