Alex Carrascosa - Gernika
Gogoratuzeko kidea eta Artamugarriak-eko «artibista» Romuald Hazoumérekin solasean
Astebete baino gutxiagoan,
eztanda bik, besteak beste, asaldatu egin gaituzte; elkarrengandik
urruneko danbadak, ezin konparatuzkoak, kausa eta ondorio erabat
ezberdinetakoak, baina era berean bortitz eta suntsigarriak. Bata
Nigeriako Lagos hirian, abenduaren 26an; bestea, lau egun
beranduago, Barajasen. Abule Egba auzoan petrolio-hodi bat lehertzen
zen bertatik jende andana erregaia lapurtzen ari zela; Madrilgo
Barajas aireportuan bonba-auto batek T-4 terminalean, aparkalekuko D
moduluko bost solairuak birrintzen zituen bizitza bi eta ez bake
prozesuan, baizik eta bere eragileengan egon zitekeen itxaropen
urria zapalduz.
Eskala handiagoan Nigeria erregai-tanga handi bat da, zeinari
Benin aldiri bat bezala atxikitzen zaion. Nigeriak petrolioa du eta
benindarrek mugan gasolina hartu eta Togoraino banatzen dute.
Beningo biztanleen %95ek gasolindegietakoa baino askoz merkeagoa den
erregai hori kontsumitzen dute. Izan ere, Porto Novori gasolina
aizunduaren hiriburua irizten zaio. Gobernuak ez ikusiarena egiten
du, ezkutuko salerosketa hori parasistema ekonomiko bat osatu arte
garatu baita. Herritarrek ezin dute gasolina ofiziala erosi eta
erregai-trafikoa familia askoren ogibidea da. Barreiaturik,
inurri-lasterrak diruditela, bidoiez kargatutako motorretan doaz.
Bidoietan arroza daramate gasolinarekin trukatzeko: bidoian poltsa
bat sartu eta arrozez betetzen dute, gero arroza bota, poltsa atera
eta bidoiak gasolinez beterik itzultzen zaizkie. Lau litroko bidoiak
ia sei aldiz gehiago (23 litro) eraman ahal izateko puztuak,
dilatatuak; ehunka litro erregai daramatzaten motorrak, tanga
ibiltari bilakatuak. Azken finean, garraiolariei edo «bizirik
irautearen heroiei» leher da- kizkiekeen bidoi eta tan- gen
«erruleta benindarra», ausaz zart egiten dien eta errepideetan orban
ilunak irradiatzen dituzten benetako bonbak.
Yoruba Nigeriatik Ghanarainoko jatorrizko herrikoa den Romuald
Hazoumé artistaren gogoetak ditugu horiek guztiak. Pasa den azarotik
datorren otsailera arte Guggenheim-Bilbao Museoan, “%100 Afrika”
talde-erakusketan, bere lanak ikusgai daude: elbarrientzako
tanga-motor bat eta zenbait mozorro-bidoi. Tanga-motorra soldatutako
bi motor bikiz eta horien gainean 450 litroko erregai-tanga batez
osatuta dago. Karga-hegazkinen antzera, motor-mota hauei «Cargo»
deitzen zaie. «Benindarrok gasolina ilegala garraiatzen txapeldunak
gara», dio Hazoumék eta «Cargo» izena irudiztatzen du motorrari
bosna bidoiko hegal bi (250 litro hegaleko) gehituz: «txinatar eta
iparamerikar neokolonoei bueltan bidaltzen diedan hegazkina».
Europarroi geure hondakinak mozorro bihurtuta itzultzen dizkigu.
«Afrika zabortegi bilakatu zaigu eta bidoi beltza ezin birziklatuzko
zabor arketipikoa da. Lehenago erabiliak izan zirenez, erabilezin
gelditu direla eta horien azpian bizitzak, ibilbideak eta istorio
zehatzak daudela adierazi nahi izan dut». Hazoumé, halaber, «plater
mailatuez, hagunez, lapikoez, hots, hainbatek ustiatu eta
zabortegira bota duten guztiaz» baliatzen da. «Bizi diren ingurunea
suntsitu duten gizarteez mintzo naiz». Dena dela, bere artelanen
hartzaile nagusiak benindarrak eurak dira: «Arteak hiritarron
zerbitzura egon behar du. (...) Gure oroimena gal ez genezan, nire
herriari nondik gatozen eta nortzuk garen adierazi nahi izan diot
eta globalizazioaz ohartarazi dut. (...) Nire lana ez da politikoa,
bizirauteko bonba hauek sortzen dituzten eskale eta elbarritu hauen
egoeraren bozeramaile izan nahi badut ere».
Euskal Herritik iragan zela aprobetxatuz bake prozesuaz galdetu
genion; bat-batean, Hazoumék euskaldunoi gogoeta xume bezain sakona
eskaini zigun: «Nora ezean goazenean komeni da nondik gatozen
jakitea. Lehen urratsa indarkeria etetea da. Nire mezua: hildako
gehiagorik ez. Horixe izan behar da artiston aldarria. Indarkeria
bere buztanari hozka ari zaion sugea da; indarkeria besterik ez du
eragiten. Nork ahaztu dezake bere buruaren kaltetan edo bere
familiaren aurka eragindako indarkeria? Gatazkan dagoen alderdi
bakoitzak bere baitara begiratu eta azterketa egin beharko luke,
huts egin gabe, nork bere buruari gezurrik esan gabe, heroitasunezko
edo harrokeriazko sentimendu guztiak aldenduz. Geure buruari zenbat
irabazi eta zenbat galdu dugun galdetu behar diogu; den-dena mahai
gainean ipini, hildakoak, elbarri eta ezinduak, presoak, alargun eta
umezurtzak... Den-dena balantzan neurtu, neurtezina dirudien arren.
Horrelaxe bakarrik egin dezakegu aurrera, bestela gorrotoak
belaunaldiz belaunaldi jazarriko gaitu. Alderdi bietan,
horrenbestez, beharrezkoak dira pertsona sendo bezain malguak,
elkarrentzat onartezina dena onartzeko prest daudenak. Ezinbestekoa
da, jakina, euskaldunok haien kultura, haien eskubideak defenda
ditzatela. Baina orain arte zer irabazi den, zenbat galdu duten ere
itaundu behar diote euren buruari. Euskal herritar eta espainiar
bakoitzak bere barrunbera begiratu eta azterketa egin behar du.
Azterketa ez da herrien artekoa, euskal herritar eta espainiarren
artekoa, hiritar bakoitzaren baitakoa baizik. Nork bere ekimenen
ondorio onuragarriak eta kaltegarriak zintzotasun osoz erkatzen
dituela. Soil-soilik oroimenak lagunduko baitigu gorrotoa
gainditzen».
Agian Romuald Hazouméren arteari, berak deritzon legez, ezin
diogu zorrozki politikoa iritzi, ez baitu hiritargoa zuzenean parte
hartzera bultzatzen, hiritarrak kontzientziatzeko ahalegin eskerga
badagi ere; komunitatearen dramei «era atsegin eta ironikoan»
heltzen die bere artelanen bitartez. Haren go- goetak, ordea,
politikoak dira bete-betean, bizkorgarri eta katalizatzaile
zaizkigun heinean pentsatzeko gonbit egiten digutelako, kiribil
ireki bat trazatuz bezala, atzera itzuli ahala iraganetik ikas
dezagun eta etorkizunera goazela kontsekuente izan gaitezen.
Beraz, Barajasera begira, hondamendi berri honen aurrean
geldirik, bi erailketa absurdu hauengatik erabat suminduta, zer egin
dezakegu hiritarrok? Nola jaiki gintezke ETAren oker egiteko
erabakiaren edo Espainiar Gobernuaren ezer ez egiteko erabakiaren
eta bien ondorio ikaragarrien artean? Bistan denez, ezin dugu,
iragana aldatu ezin dugun bezala. Baina, behintzat, besteek
protagonizatzen dituzten istorioei adi gelditzeari utz diezaiokegu
eta geure historiaren pro- tagonistak izan gaitezke; behintzat,
zerura begira eguraldi egokiaren esperoan egon ordez, beste barik,
plazara jalgi gaitezke eta plaza bera eralda dezakegu, oskarbi
dagoela, haizea dabilela edo harri-jasa ari duela ere. Nola
eraldatu, baina? Bada, sendotasun moralaren substratua emekiro
sortuz; abiapuntu eta ikuspuntu ezberdinak, baita itxuraz
kontrajarriak, dituzten pertsonek osatutako zimendua; borondate
sendo bezain malgua duten hiritarrek osatutako etxe komun, zabal eta
suntsiezina. Ba ote dugu beste aukerarik? -
|