O GUNEA: BERRASIERA EZAZU PROZESUA + PRESTA ZAITEZ BAKERAKO: PAX AVANT!

ArtamugarriaK-en agiri eta proposamena
ArtamugarriaK Bake Prozesua eta demokrazia partehartzailea sustatzeko ekimen artistikoak, Barajaseko atentatuaren eta bake prozesuaren hausturaren aurrean honakoa adierazten du:

ArtamugarriaK-ek ETAk Barajasen egin zuen atentatua erabat gaitzesten du eta Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate biktimen familiei zein adiskideei elkartasuna helarazten die.

Eztandaren O (Zero) Gunea bortxakeriaren ez-tokia eta ezinbestekoa zaigun elkarrizketarako, partaidetzarako eta sormenerako espazioaren ukazioa da, elkarbizitzaren geografia anitzaren eta hitza eta bakearen batzar biribilaren antipoda. O Gunea, heriotzazko tontorra, hondakin-piloa, artamugarriaren aurkakorik nagusiena da.

Espainia, Euskadi eta Nafarroa, Euskal Herria, Euskal Hiria edo dena delako elkarbizitzarako topologia biribil honetan, bake prozesua hautsita ezin gaitezke ezkortasunean eta akiduran gelditu. Hiritargoari ezin zaio bakearen eta akordioaren atzerapen berri batekin kontsolatu.

Prozesu politikoaren hausturak hiritargoak parte hartzeko beharra berretsi eta gatazkaren konponbidea bidera dezan prozesu soziala bizkortzea premiatzen du; prozesu berri baten abiarazteko ardura hartuko duten aldeek hiritargoa aintzat hartu behar dute.

Ezin gaitezke ere ETAren zoritxarreko erabakien eta politikari askotxoren ezbaien menpean luzeagorik bizi; hiritarrok aurrerapauso bat eman behar dugu prozesua gizarte mailan bere onera ekartzeko. Elkartze eta elkarrizketaranzko urratsak eman ahala, basakeria, ezkortasuna, zalantza eta hitza eta bakearen ukazioa urritu egiten dira. Noranzko honetan emandako urrats bakoitza ez da batere alferra: gutxi izanda ere asko da.

ETAri, atentatu ikaragarri honekin M-22ko su-etenaren iragarpenean hartutako konpromisoak haustearren gure etsipena eta ondorengo agiriaren aurrean gure zalantza azaldu nahi dizkiogu. ETAri honakoa exijitzen diogu: bortxakeria politikoaren baliabidea utz dezala, jagoletza orori uko egin diezaiola eta bere hitzekin kontsekuente izan dadila: lehenik, hiritargoari prozesuan buru belarri murgil dadila erraztuz; eta gero, hiritarron ahotsa eta erabakia errespetatuz ez soilik prozesuaren buruan, baizik eta bitartean ere.


Gobernu eta epaileei, halaber, distentsio keinuak bere gain har ditzatela eskatzen diegu.

Goian, ordea, irtenbidea aurkitzen ez badute, behe-behetik bilatu beharko dugu hiritarrok, topaketak antolatuz eta alderdi politikoak zein ETA eta Gobernua elkarrizketa-mahaira eta aulkietara itzularaz ditzaten eta behin betiko konponbidea kausitu arte elkarrizketan irautera beharko dituzten herri-akordioetara helduz.

Indarkeriarik-eza aktiboa dugu bidea eta partaidetza sortzaile eta aktibista gure tresnarik egokiena:
Horrenbestez, bakearen alde eta egoera honetaz asper eginda dauden ikuspuntu orotako hiritarroi bake prozesua orain eta hemen berpizteko eta gerra-egoerari eta ezkortasun programatuari jarkitzeko dei egiten diegu. PAX AVANT! ikurritzaren santu-zeinuak eta konpromiso utziezina geure gain har ditzagun; antola gaitezen eta prozesua ahalbidera dezaten behar besteko ekintzei ekin diezaiegun.

Ildo honetatik, ArtamugarriaK-ek, ekimen artibista bezala, honakoa proposatzen du:

O GUNEA: birsor ezazu prozesua • PAX AVANT! alegiazko ekintza hacktibista

Sor eta marka ezazu ‘O Gune’ bat, eztandaren O Gunearen zeinu negatiboa aukerez beteriko O biribil hutsaren edo bakesfera sortzailearen truke alda dezan artamugarria, non gizarteak bake prozesua berehala birsor dezan.

Edozein tokitan, indarkeriazko edo elkarrizketaren aurkako ekintza bat gertatzen den horretan batik bat, ekimen konstruktiboak burutzeko asmoa duzuen bakezale-multzoak batzar zaiteztela proposatzen dugu, hala artamugarria marraztuz, nola aulkien biribila eratuz edo hiritar aktibisten zirkulu bat osatuz. Bilaka ezazue suntsiketa-ekintza bat sorketa-ekintza. ArtamugarriaK-en web-orritik (www.artamugarriak.org) logoak eta ‘bake prozesurako aulkien biribila’ delako ekintzaren jarraibideak deskarga daitezke.

Dokumenta ezazue ekintza xume hau argazki digital baten bitartez eta zuen mezu, testu edo bestelako arte-adierazpenekin batera zuen ingurura eta ArtamugariaK-en nodoetara igorri, hasiera berri bat bailitzan partaidetzaren eta sormenaren O Gunea zabal dadin. Gure web-orriari erantsiko diogu eta Google Earth-en indexatuko dugu.

Ildo beretik, ArtamugarriaK-ek 2007rako aurreikusten zituen ekintzak aztertu eta egokituko ditu, bereziki “Nafarroa prozesuan: Pax Avant” maiatzeko erakusketa, oraindik aurrera “O GUNEA: birsor ezazu prozesua • PAX AVANT!” izenburua izango duena eta benetako zein behin betiko bake prozesu partehartzailea helburu duten ekimen artistiko eta sozial hauexek eta gainontzekoak ere bilduko dituena.

Hasteko, heda ezazu ekintza-proposamen hau zure adiskide eta ezagunei, elkarte, alderdi eta erakundeei posta elektronikoaz edo SMS baten bidez honako mezua bidaliz:

O GUNEA: berrasiera ezazu prozesua + presta zaitez bakerako: PAX AVANT!

ArtamugarriaK 07.1.13