agiria | logoak | ekintzak | proiektuak | artikuluak | kontaktua | loturak | bloga | baimena      :: gaztelera

Sormenetik partaidetza-demokraziaren alde

Herritarrak eragile aktibo eta sortzaile: BATZART!! Ekimena

BatzArt! edozein alderdi politikorekiko edo erakunderekiko independentea den ekimena, ArtamugarriaK, Bidea Helburu, Gernika Gogoratuz eta Parte Hartuz kolektiboek sustatzen dute; BatzArt! ekimenaren zereginak eta helburuak honakoak dira:

1.- Euskal Herriko eta beste lekuetako herritarrak, topaketa sortzaile eta konstruktiboen bitartez, bakea eraikitzeko prozesu politikoan eragile izatea eta bake prozesua atzera bueltarik gabeko bihurtzea.

2.- Herritarren partaidetza aktiboa eta iraunkorra erraztea eta ahalbideratzea. Denon ardura da, izan ere, gatazka historikoak modu konstruktiboago batez bideratzea: bakegile aktibo izaki, proiektu politiko guztientzako aukera demokratiko berdinak aldarrikatuz eta gizarte justiziaranzko aurrerapausoak emanez. Horiek guztiak helburu garrantzitsuegiak iruditzen zaizkigu gutxi batzuen esku uzteko.
        Horrexegatik espazio, aukera eta esperientzia berriak sortu nahi ditugu; herritarrok, askatasun osoz, gure ideiak, kezkak eta ekarpenak adieraz ditzagun eta dinamika politikoaren eragile bilaka gaitezen.

3.- Sormena, irudimena, eta debate plurala eta konstruktiboa aktibatzea. Bada, bakea eraikitzeko dauden blokeoak eta korapiloak askatu nahi baditugu, eztabaida politikoaren parametroak zabaldu eta diskurtsoak berritu beharra dagoelakoan gaude. Ezinbestekoa dugu, zentzu horretan, pluraltasunez herritarren eguneroko kezketatik abiatzea eta sormen kolektiboa aktibatzea, interes handiko gogoeta eta proposamen zehatzak sortuko baitira.

4.- Edozein aldaketa politiko edo sozialen bideragarritasun demokratikoa ziurtatzea, euskal herritarron borondate demokratikoaren arabera. Guzti-guztiok bakean, askatasunean, berdintasunean eta pluralismoa errespetatuz bizi gaitezen, euskal herritarrek egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea badute, horretarako adosturiko prozedura eta erritmo politikoak ezarri eta errespetatu beharko dira. Aldi berean, aurkarien arteko gatazkak eta ezadostasunak akordio demokratikoen bitartez ebazteko konpromisoa hartzen dugu, inoiz ere ez aurkariaren suntsipenaren bidetik.

5.- BatzArt! ekimenaren lehenengo zeregina herritarron partaidetzarako topaketa sortzaile eta aktibistak antolatzea da. Gogoeta eta debate kolektiborako diren topaketa horietan, bakearen eraikuntzaren inguruko ekarpen-proposamenak, ekintza zehatzak edo epe luzeagoa izango duten herri ekimenak sortu daitezke; eta, herritarren ekarpen horiek dinamika politikoan behar bezala jaso daitezen, interlokuzio bideak bilatuko ditugu alderdi politikoekin zein erakunde publikoekin.

 

BatzArt! ekimenak laguntzeko eta parte-hartzeko gonbitea luzatzen die Euskal Herriko pertsona, talde eta erakunde sozialei; baita asmo eta helburu hauekin bat datozen beste edozein herrialdetako pertsona eta taldeei ere.

 

Gernika. 2007-04-27

BATZART!-en aktibisten gutun irekia Euskadi Ta Askatasunari